top of page

Euskal Herriko hainbat txokotan ohitura errotua da gaurko egunez kopla kantari eskean irtetea.

Hirietan zein nekazal guneetan itxura arrunt ezberdina du usadioak; jaiaren muina igualtsua da, ordea, toki guztietan.

Makila handi-handiak esku artean, iraganetik jasoriko kopla zaharrak ezpainetan eta eskean jarduteko hitz dotoreak airean... Santa Ageda bezpera. 
 
Bizkaiako, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako nekazal giro euskaldunetan, ohitura zaharra da gaurko egunez etxez etxe kantari ibiltzea. Eta arrunt errotuta dago kantatu ostean eskean egitea ere. Dirua eskatzen da batzuetan, edo eta barrena asetzeko janaria eta edaria beste askotan.

Euskalduntasuna baserri girotik haratago eramateko irrikak hirigune urbano eta modernoetara ere eraman du azken urteotan usadio hori. Kasu guztietan xumea da, hala ere, jaiaren izaera. Kopla zaharrak kantatzen dituen abesbatza —lurraren kontra darabiltzat kolpeka makila handiak —, bertsoak inprobisatzen dituen bertsolaria eta musikari bat edo bi. Besterik ez da behar Santa Ageda bezperako legea konplitzeko.

Kopla kantari

«Santa Ageda bezpera degu Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna...». Toki bakoitzeko aldaerak aldaera kopla horrexekin bertaratzen dira aterik ate Santa eskean ari direnak.

Etnologoen arabera nekazari giroko negu gordinetan sorturiko ospakizuna da Santa Ageda bezperakoa, eta zenbaitzuk inauteriekin lotzen du- te. Makila handien hotsak zein Santa Agedaren ohorez egiten diren eta egin izan ohi diren hainbat ospakizunek, mundu ikuskera berezkoaren aztarnak gordetzen dituztela diote.

Etnologo batzuek gogora ekarri dutenez, esaterako, garai batean halako egunez Nafarroako hainbat tokitan tximiniak garbitu ohi zituzten. Nafarroako beste zenbait udalerritan, berriz, ohikoa zen zenbait herritarrek —emakume zein gizasemeek— elizako kanpaiak jotzea.

Martiri sufritua

Hala ere, itxura batean nekez argitu daiteke zergatik den Santa Ageda —«Agate deuna» hainbat koplatan— hain garrantzitsua Euskal Herrian. Izan ere, urruti jaio zen: Sizilian, 230. urtean. Kondairaren arabera kristau sutsua izaki, nahiago izan zuen martiri bihurtu, gizon fedegabe baten ezkontza proposamenari baiezkoa esatea baino. Diotenez, sufrimenduz beteriko azkena izan zuen, bularrak moztu baitzizkioten.

Gaurko egunez kantatzen diren kopletan haren azken arnasaren atariko torturak gordin-gordin kontatzen dira. «Lendabizi azotatu ta kendu zizkaten bularrak...», «Istanpatian estalizion gorputz guztia odolak»... Ohikoak izaten dira horrelako koplak, bai eta santuarekin zerikusirik izan gabe, herriko gorabeheren berri ematen dutenak zein eskea egitera mugatzen direnak ere.

Etnologo zenbaitzuk diotenez, koplak kantatzetik haratagokoak izan dira Euskal Herrian Santa Agedaren inguruan sortu diren hainbat sinesmen. Hala, garai batean nekazari girotan Agate Deuna mundura umeak ekarri berri zituzten emakumeen zaindaria izaten zela diote, eta ume jaio berriari esnerik eman ezin zioten amek santa horri eskatzen ziotela laguntza. 
Garai bateko gizartearen ondare ia desagertua dira kontu horiek.

 

bottom of page